20 septiembre 2009

Hementxe dago, azkenean, Dekanotzara bidaliko dogun gutuna


Martínez Ibargüen Dekano jaunarentzat,
Euskal Herriko Unibertsitatea


Erreklamazioaren helburua: Medikuntzako bigarren mailan hautazko ikasgaien eskaintza eskasa (bai euskaran bai gaztelanian).


Medikuntzaren bigarren mailako ikasleok komenigarri deritzogu erreklamazio orri hau dekanotzan entregatzea, automatrikulazio garaian, eta bereziki hilaren 17an, gertaturiko gertaera larri batzuen harira.
Hona izandako arazoak:
- Gehien bat bi arazo gertatu ziren:

1. Eskaintza eskasa izan zen bai ikasgaiei dagokienean eta baita ikasgaien plaza kopuruari dagokioenean ere. Euskerako taldean bi hautazko gutxiago izan genituen iazko urtearekin alderatuta, hau da, 3 ikasgai bakarrik. Horrez gain, 3 ikasgai hauetako plaza kopuruak ez ziren handitu, eta, ondorioz, gaztelerako hautazkoak zein 3. mailakoak hartzera behartuak ikusi ginen.

Honek, argi dago, ordutegi arazoak sortzeaz gain, gaztelerako ikasleen aukera ere txikitu zuen. Gainera, datorren urtera begira beste arazo bat sortzen du, 3. mailan hartu beharreko hautazkoak hartu beharrean 2. mailakoak hartu beharko ditugulako, honek 2. mailako ikasleei eragingo dien arazoekin.

Gaztelerako ikasleei dagokienean, 17ko goizeko 12tan jada hautazko bakarra zuten eskura (informatika), edo bestela euskera teknikoa zein 3. mailako hautazkoak hartzera behartuak zeuden, aurrez esandako arazoak sortaraziz.

Ondorioz, ikasle askok edo hautazko bakarra hartu zuten, edo ordutegietan arazo larriak dituzte, 3. mailako ikasgaiak hartu dituztelako.

Azken batean, arazo nagusiak bi dira: Kreditu oso gutxi hartu dituztelarik 3. mailan oso larri ibiliko diren ikasleak daude (3. mailan 16 edo 20 kreditu hautazkoetan) batetik, eta, bestetik, 3. mailako ikasgaik aurten hartu dituztenez ordutegiak osatu ezin dituzten ikasleak daude, kasu askotan enborrezko ikasgaiekin batera ematen direlako hautazko horien klaseak.

2. Plazen eskaintza eskasaz gain, egoera are gehiago okertu zuen akats bat eman zen. Ingelera medikoaren plazak eskeintzerako orduan, euskerako ikasleok ez genuen gure hizkuntzan matrikulatzeko aukerarik izan, berez aukera egon bazegoen arren. Ondorioz, gaztelerako ikasleak balira bezala egin behar izan zuten matrikula. Honek, batetik zalantza handiak sortarazi zizkien matrikula etxetik egiten ari zirenei, eta, bestetik, plaza kopurua murriztu zuela uste dugu.

Honek arazo larriak sortu zituen matrikula etxetik egiten ari zirenentzat. Eta, gainera, benetan egoera injustuak sortu zirenaren ustea dugu, izan ere, etxetik matrikula egin zuten euskerako ikasle askok ingelera hartu ez zutelakoan gaude, beren hizkuntzan aukera hori ez zegoela ikusi zutelako.

Gure ustez, berezko 240 plazak eskaini beharrean, 160 soilik eskaini ziren, edo behintzat horixe da guk topa genezakeen azalpen bakarra.

3. Bestalde, ez zaigu inondik inora bidezkoa iruditzen matrikularako txandak banatzeko modua. Ez zaigu bidezkoa iruditzen irailaren 3an espedientean dauden datuak hartzea kontuan, iraileko azterketen izaera ofiziala kontuan izanik Are gehiago, gertatu da iraileko azterketen ondoren karga lektibo gutxiagoko eta nota hobeagoko ikasleek zita beranduago izatea matrikula egiterako orduan, eta, aldiz, nota txarragoak dituztenek lehenago izatea. Uste dugu egoera hau ez dela egokia, inondik inora.

Beraz, honako eskariak egin nahiko genituzke:

1. Eskari nagusia bi hautazko baino gutxiago dituzten ikasleei beren mailako eta beren hizkuntzan bi hautazko horiek izateko aukera eskaintzea da, era honetan 12 kreditu behinik behin osatu ahalko lituzketelarik. Horretarako irailaren 28a baino lehen eskainitako plazen handitze bat proposatzen dugu. Azken batean, ikasle orok 12 kreditu ordutegi arazorik gabe osatzeko duen eskubidea errespetatzea eskatzen dugu.

Era berean, euskarako ikasleok Enbriologia Medikoa eta Zitogenetika berriz eskuragarri izatea eskatzen dugu, era honetan formazio akademiko egokia izateko aukera izan dezagun, gaztelerako ikasleek bezain beste, behinik behin. Uste baitugu interes handiko ikasgaiak izan daitezkeela medikuen formakuntzarako.

2. Datozen urteetan honelako egoerak errepikatu ez daitezen, aurrikuspenak egokiago egin daitezela eskatzen dugu. Horretarako beharrezko diren hautazko irakasgaik eskainiko direlarik, eta beharrezko diren plazekin. Ez zaigu onargarria iruditzen ikasleok 3. mailako irakasgaiak hartu beharra edo beste hizkuntzaren batekoak hartu beharra (ingelesa izan ezik).

3. Azkenik automatrikularako deialdia egiterako orduan ekaineko emaitzak ez ezik irailekoak kontuan hartzeko eskatzen dugu, egokiagoa eta zuzenagoa delakoan baikaude. Hau da, espedientea iraileko azterketen ondoren hartzea kontuan, eta ez hauen aurretik.
Hau bideragarria izan dadin egoki deritzogu La Casillan edo Sarriko ezarria dagoen sistemari. Era honetan, kurtsoa hainbat egun lehenago hasi arren, ez genuke matrikula egingo egun batzuk geroago arte. Beti ere kontuan izanik ikasle guztiek, baita azkenak ere, eskubidea izan behar duela gutxienez 12 kreditu eskuratzeko.

Azkenik gogorarazi nahi genizueke agiri hau izenpetzen dugun guztiok 2. mailara igarotzeko gai garela erakutsi dugula, horretarako nahitaezko kreditu kopurua lortua dugularik. Hilaren 17an gertatu zenaren ondorio zuzena da 2. ziklorako sarrera zaildu egin zaiela ikasle askori, ez baitute lehen bezain erraza izango beharrezko 24 kreditu horiek lortzea.
Eskertuko genizueke erantzuna ahalik lasterren ematea, posible bada irailaren 28a (klaseen hasiera eguna) baino lehenago.
Distantzia eta denbora arazoak direla eta ikasleon sinadurak biltzea ezinezko egin zaigunez, gutun honetan adierazitakoarekin ados dauden eta berau idazten parte hartu duten ikasleen izen-abizenak eta NAN zenbakiak eransten dizkizuegu. Dena dela, beharrezko balitz sinadurak bilduko genituzke irailaren 28an, 29an dekanotzan bertan entregatuz.

Adeitasunez,
Medikuntzako bigarren mailako ikasleak
Bilbon, 2009ko irailaren …….

0 comentarios:

Publicar un comentario